Remy Cavagnaren erakustaldia, Movistar taldearen polemika, eta dena erabakiko duen etapa; osagai ezinhobeak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko ira. 13a, 18:23

Roglic liderra eta Lopez erori eta haize-babesak sortu eta tropela hautsi du Movistar taldeak. Keinu zatarra izan da, baina geratu egin dira UCIk erori direnei tropel nagusira bueltatzeko erraztasunak eman dizkielakoan.

Itzalpean geratu da Remy Cavagnaren erakustaldia. Etapa ikusgarria irabazi du Deceuninq taldekoak Toledon, hirugarrena bere taldearentzat Vueltan. Iheslagunak 25 kilometrora utzi ditu atzean, eta haizea eta etapa bukaera gaiztoari aurre egin eta bakarrik helmugaratu da. Etaparen interesa, baina askoz lehenago piztu da, saioa bukatzeko 50 bat kilometrora. Roglic liderra, Miguel Angel Lopez eta beste hainbat lurrera joan dira eta Movistar taldeak haize-babesak sortu eta taldwa hautsi du. Ondoren, tarte horretan haize-babesak sortu nahi zituztela esan du Jose Luis Arrieta Movistar taldeko kirol zuzendariak, baina haize-babesa Roglic liderra lurrean zela egin nahi izan dute. Legezkoa da? Bai. Etikoa? Ez noski.

Minutu bateko tartea lortu du azkar Movistar taldeak, eta telebistako esatariak eta sare sozialak sutan zeudela, bat-batean geratzea erabaki du Movistar-ek. Damutu egin delako, egindako mugimenduaz? Ez, espreski. Arrietak esan duenez, UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak, eroriko handiaren ondorioz bi taldeen artean autorik ez zuela kenduko jakinarazi du, eta horrek Movistarrek geratzea ekarri du, atzean geratutakoak tropel nagusira bueltatzea erraztuko zuelako. Polemika hori bizi-bizirik dago oraindik, eta bihar ere iraungo du. Ikusi egin beharko da nola jokatzen duten Astanak, eta batez ere Jumbo-Vismak, Movistarren mugimendu hori liderrari egin zaion errespetu faltatzat jotzen badute. Momentuz, Roglic-ek etapa berriro ikusi nahi duela esan du, iritzi bat eman aurretik. Lopezek sekulakoak bota ditu Movistarren aurka, beti tontakeri eta errespetu faltak egiten ari direla, eta Marc Soler Movistar taldekoak, kazetarien galderei galderak taldeko kirol zuzendariei egiteko eskatu du: "Guk aginduak betetzen ditugu, ez gehiago, ez gutxiago".

Etapa ostea beroa dator, eta biharko etapa zer esanik ez. Vueltako azken-aurrekoa, baina dena erabakiko den etapa, igandekoa, Madrilgoa, omenaldia izaten delako tropeleko kideentzat. Oilarren arteko giro txarrari zeruko giro txarra gehitu behar zaio. Euria eta freskura iragarri dute etapa osoan, batez ere mendate gainetan. Arenas de San Pedro-Plataforma de Gredos da etapa, ia 200 kilometro, lehen mailako bi mendate, bigarren mailako beste bi eta hirugarren mailako bestea, helmugakoa. Punturik ematen ez duten aldapa pikoez josia dago ibilbidea, eta borroka handia espero da hasieratik, liderrentzat zubi lana egin dezaketen lagunak filtratzen saiatuko baitira talde indartsuenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak