Lopezen borrokak fruitu gutxi eman dio, podiuma gertuago badauka ere; Higuitak irabazi du etapa

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko ira. 12a, 17:36

Movistarren taktikak hautsak harrotu ditu, atzean geratu den Quintanaren podiuma babeste aldera Valverderen etapa garaipenari uko egin baitio.

Vueltak badu gerlari bat: Miguel Angel Lopez. Badauka agintari sendo bat: Primoz Roglic liderra. Eta badu podiumean nahiko ziur ikusten den hirugarren outsider-a: Alejandro Valverde. Madrilgo Castellana pasealekuko podiumean egon nahi duten beste bi bezeroek, Quintanak eta Pogacarrek, denbora galdu dute, minutuaren bueltan. Ez da atzerapen handia, baina bai esanguratsua, etzi korrituko den etapa gaiztoa gogoan. Quintana nahiko jiustu doa, Navacerradan gora ikusi da ez daukala Lopez-Valverde-Roglic hirukoari eusteko kemenik, eta Pogacar-i ere luze egiten ari zaio Vuelta. Quintana baino hobeto igo du Navacerrada, baina bakarrik geratuta Quintanaren zain geratu da.

Mendiko etapak eta kolonbiarrak agertzea, biak bat. Rene Higuita eguneko ihesaldian sartu da, eta sei minutuko aldea kendu diote tropelari. Euskadi-Murias taldeko Oscar Rodriguez ere sartu da, Omar Frailerekin batera. Morcuerako bigarren igoerak izan behar zuen epaia, eta hala izan da. Astanak erritmo eroa jarri du, Izagirretarrak eta Fulgsang-ekin, eta Lopez-ek gainetik 4 kilometrora jo du. 20 segundo lortu ditu azkar, baina ez zaio distira berezirik sumatu. Atzetik, Jumbok eta Movistarrek lana egin dute, eta Lopezek Fraileren laguntza izan badu ere, harrapatu egin dute Navacerrada hasi aurretik. Han birritan jo du berriro Lopezek. Valverdek, Majkak eta Roglicek eutsi diote, baina Quintana atzean geratu da, eta Pogacar ere bai, 500 metro gorago.

Higuitak 40 segundo zeuzkan Navacerrada gainean, baina jazarpenean zetorren laukotean Lopezek bakarrik egin du lana. Roglicek eta Majkak errelebo para bat baino ez. Valverdek nahiko zuen, agian, baina ez diote utzi. Quintanaren podiuma esku-eskura zeukan etapa baino garrantzitsuagoa zen, norbait. Nagusian Valverde da orain bigarren, 2.50era, Quintana hirugarren 3.31ra, eta Lopez 4.17ra, Quintanarengandik 46 segundora. Tarte nahiko txikia Astanak etzi proposatuko duen borroka aintzat hartuta.

Hori etzi izango da, bihar 19. etapa jokatuko da, Avilan hasi eta Toledon bukatu. 165 kilometro lau, ihesaldientzat aproposa, baina helmuga gorantz daukana. Apuntatu Philippe Gilberten izena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak