Esan eta esan ari gara, txirrindulariak muga-mugan doazela, eta gutxirekin sekulako triskantzak sortzen direla. Eta gaur sortu da, ustez ezer gertatu behar ez zuen etapan, Gaztelako zabaletan. Baina haizeak, edo haizearen beldurrak hankaz gora jarri du lasterketa. Movistar taldeak Nairo Quintana eta hiru taldekide sartu ditu eguneko ihesaldian, eta haiekin beste 40 lagun pasak egin dute aurrera. Jumbo Vista, noski, aho bete hortz eta zer egin ez zekiela geratu da, eta konturatzerako lau minutuko zuloa ireki dute aurrekoek. Tamaina bereko bi tropel, mokoka, baina lanerako jende gehiago aurrean. Besteak beste Deceuninq taldeak 7 lagun sartu dituelako ihesaldian.
UAE, Pogacar-entzat, eta Jumbo-Vista, Roglic liderrarentzat, aritu dira lanean aurrena, baina distantziak, gutxika bada ere, gora egiten zuen. Astanak sartu behar izan du erreleboetan, Quintanak aldea asko handituz gero Miguel Angel Lopezen podiuma arriskuan zegoela ikusita. Movistarrek oso azti jokatu du helmugatik 45 kilometrora, haizeak bizi jotzen zuen tokian haize-babesak eragin eta Jumbo Vista eta UAEko morroi guztiak atzeratu baitituzte. Bakarrik geratu da Roglic, eta bakarrik Pogacar, eta Astanak hiru lagun jarri ditu lanean. Buruan zihoan Luis Leon Sanchez ere geratu dute, Lopez-en tropeltxotik tiratzeko, eta horri esker Guadalajarako helmugan 5.20koa baino ez da izan atzerapena. Quintana sailkapen nagusiko bigarren tokiraino igo da, Roglic liderrarengandik 2.24ra.
Etapa irabazteko borrokan, Deceuninq taldeak izan du aginte-makila, espero bezala. Nagusi ziren ihes zihoan taldean eta Stybar saiatu da aurrena, baina azken bi kilometroetako aldapak itoarazi egin dute txekiarra. Bennett esprinter irlandarra abiatu da bere bila, baina Gilbert-ek ondo hartu dio gurpila, eta aise menderatu du azken 200 metroetan. Bigarren etapa garaipena da, belgikarrarentzat, eta akaso azkena ez, Toledon ere aukera ezin hobea edukiko baitu etzi.
Gaurko triskantza ikusita, eta ziklistek egin duten indar hustualdia gogoan, bihar gaurkoaren antzekoa edo gehiago pasa daiteke. Madrilgo mendietan barrena egingo da etapa, Colmenar Viejo eta Becerril de la Sierra artean. 178 kilometro gaizto, lehen mailako lau mendaterekin bidean: Navacerrada, Morcuera bi aldiz, baina isuri ezberdinetatik, eta Cotos, bukatzeko. Antzeko etapa batean galdu zuen Vuelta Tom Dumoulinek Fabio Aruren erasoaren aurrean, bi urte atzera, eta Morcuerako bigarren igoeran erabaki zen Vuelta. Bihar ere toki beretik pasako dira, ikuskizun Astanak ze jarrera hartzen duen, edo non saiatzen den Lopezekin, momentuko igotzaile indartsuena kolonbiarra dela dirudielako.