Jumbo Vistak Movistar eta Astana izutu eta pagotxa bilatu dute ihesaldiek; Fulgsang nagusi La Cubillan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko ira. 9a, 18:23

Ustez Vueltako etapa gogorrenetakoan, oilarrek borrokari uko egin diote azken mendateraino, eta etapak ezer gutxi eman du.

Iraila, dagoeneko, udazken meteorologikoa bada, Espainiako Vuelta ere udazken garaia da tropelaren zati handienarentzat. Atseden hartzeko unea, lehiaketetan ahal dutena egiteko, eta begia hurrengo urtean jarrita. Eta antolatzaileek mila mendate eta ahuntzentzako aproposagoak diren mendateak jar ditzakete, baina txirrindulariek ez badute nahi, jai dago. Ikuskizunak greba! Eta gaur greba egin dute. Greba, Jumbo-Vista taldearen domeinua ikaragarria delako, aurkari guztiak beldurtzeraino. Movistarrek Vuelta irabazteko korritzen omen du... gaur, ez, eta ziur aski etapa egokiena zen zerbait probatzeko, La Cubilla baita Vueltako mendate luzeena, bigarren etapa menditsu bateko bukaera, eta diferentziak egiteko aproposa. Baina...

Valverde geldirik. Movistarrek jai. Lopez geldirik, Astanak jai. Eta Roglic gozo. Eta Pogacar gustura. Etapa hasieran sekulako borroka egon da, ihesaldia sortzeko, eta San Lorenzo gainean gora ere halako kaosa egon da, eraso festa. Baina Jumboko morroiak odolustea kontrolatu dute, eta akabo. Ihesaldiaren errenta gora eta gora, eta tropela bederatzi minutura. Jumbo beti aurrean, eta Tony Martin agintari. Tony Martin munduko erlojupekoko txapelduna, 16 kilometroko mendate batean. Ba hori, dezepzio latza hartu dugula. Astana, behintzat, mugitu da helmugatik zortzi kilometrora, eta Lopezek erasoa jo zazpira. Zeozer, askoz gehiago espero bazen ere. Quintana atzeratzea, hori lortu dute. Alegia, ezer ez.

Ihesaldian jende ona sartu da: Fulgsang, Luis Leon Sanchez, Mikel Bizkarra, James Knox, Howson, Gilbert... Fulgsang zen izen handiena duena, eta selekzioa egin duena. Luis Leon Sanchezek lagundu dio, eta Astanak, behintzat, altxorra lortu du. Etapa garaipena. Lopez, Roglic eta Pogacar elkarrekin helmugaratu dira, eta Valverdek 23 segundo galdu ditu. Roglic sendo mantentzen da lidergoan.

Bihar bigarren atseden eguna izango dute tropelean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak