Txirrinduklaritza zale bazarete, ezagutuko duzue Seep Kuus, Durango Kid goitizenarekin ezagutzen duten estatubatuar gaztea (Coloradoko hiri horretan jaioa da). 24 urteko gazte lerdenak aho bete hortz utzi zuen mundua iaz, Utahko Itzulian mendiko etapa guztiak bata bestearen atzetik irabazi zituenean. Egia da proba horretako parte hartzea apala dela, baina agerian geratu zen igotzaile fina dela, eta Jumbo Vistak morrontzatik libratzean zeresana emango zuela. Eman diote, gaur, eta eguneko ihesaldian sartu da. Liderraren taldekidea denez, ez du lan askorik egin aurrean, eta Aceboko Santutegian plazer izan da Kuus gaztea bizikletan dantzan ikustea, bere 65 kiloak arin-arin eramatea bizikleta gainean. Ikusleak zaletzen dituen txirrindulari dotore horietakoa baita Kuus.
Kuus-ek beste 19 lagunekin osatu du eguneko ihesaldia. Marc Soler Movistar taldekoak sortu du, Acebo gainean aurrera jota. Ze asmorekin, ezin jakin, Movistarrek esana baitzuen aurreko egunetan eurek itzuli handiak irabazteko egite dutela lana. Ion Izagirre, Oscar Rodriguez, Craddock, Geogeghan, Guerreiro... Izen ezagunak, ihesaldian, eta azken mendatea hasi aurretik 5 minutuko errenta erosoa. Kuus-ek bere erritmoan utzi ditu atzean aurkari denak. Tropelean, Alejandro Valverdek jo du gainetik bost kilometrora, baina Roglicek arazorik gabe eutsi dio. Biek hanka egin dute, eta sufritu egin dute, latz, Pogacar eta Lopezek, eta batez ere Quintanak, podiuma lortzeko aukerarik gabe dagoeneko. Roglicek berak estutu egin du Valverde bera azken 500 metroetan, sasoi puntu bikainean dagoela berretsiz. Nagusian 2.25era dago orain Valverde, bigarren, 2.25era. Pogacar da hirugarren, 3.42ra, eta Lopez laugarren 3.59ra. Quintana, dagoeneko, 5.09ra dago.
Bihar 16. etapa korrituko da, Asturiasko hirugarrena, eta mendiko bigarrena jarraian: Pravia-La Cubilla gaina, 1.683 metrora, 144 kilometro. Litekeena da biharko etapan gaurkoan baino diferentrzi handiagoak egotea, ziklistak, bihar, gaur baino nekatuagoak egongo direlako, eta azken mendatea mina egiteko aproposagoa delako. Ez da oso malkartsua, baina bai bukaezina. La Cubilla 18 kilometro da luze, eta batez besteko pendiza %6.2koa da. Aurrez San Lorenzo (10 km. eta %8.5eko batez besteko malda), eta La Cobertoria (8.3 km. eta %8.2ko pendiza) igoko dituzte.