Esloveniarren diktadura behien erresuman

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko ira. 6a, 19:00

Tadej Podgacarrek irabazi du Los Machucos-en, eta Roglicek lidertza sendotu du; 'tabloi' haundiren bat jasan ezean, berea da Vuelta.

Triskantza handia egin du Los Machucos gainak, baina txikiagoa izan zitekeen, kale egin duten lider batzuk euren ezina jakinarazi balute. Astanak Miguel Angel Lopez kolonbiarra lRoglicen lidergora hurbiltzeko ahalegina egin nahi zuen, baina justu kontrakoa etorri zaio gainera. Minutu bat galdu du Primoz Roglic liderrarekiko, eta Valverde, Quintana eta Podgacar gaztea ere bere aurretik helmugaratu dira. Lopez-ek Vuelta ez, podiuma bera dauka orain arriskuan. Taldekideak ere haserrarazi ditu, egur batean eraman baititu ordubetez, ustez bere erasoa errazteko. Baina ez erasorik eta ez ezer. Halakoek taldekideen konfiantza urratzen dute, eta taldeak Lopezengan duena ere ez dago bere momenturik onenean. Huts egite asko dira, dagoeneko, arrakastarik gabe.

Ihesaldi handi bat sortu da, espero bezala, eta bidea egin du. Berriro izen ezagunak: Powels, De Gendt, Pierre Roger Latour, Jesus Herrada... Euskadi-Murias taldeko Hector Saez ere bai. Espainiarrak urrunetik jo du, Mikel Iturriak Urdazubin erabilitako taktika bera, baina bukaera hura Los Machucosekoa baino askoz samurragoa zen, eta %20tik gorako maldatan ito da. Bera eta ihesaldian sartu diren guztiak. Zergatik eta Astanak erritmo eroa jarri duelako helmugatik 40 kilometrora. Cataldo, Fraile, Luis Leon Sanchez, Gorka eta Ion Izagirre, Fulgsang... denak erre dituzte. Zertarako? Ezertarako ez. Giro egongo da gauean Astanako hotelean.

Lopezek minutua galdu du, baina beste oilar guztiek ere bai: Quintana, Valverde, Majka... Roglic liderra eta etorkizunean Egan Bernalekin sekulako borrokak izan bide dituen Tadej Pogacar nagusita da Los Machucos-en, Roglic erregearen baimenarekin. Podgacar-en bigarren etapa garaipena da, eta Vueltako podiumean sartzeko borrokan sartu da bete-betean. Nagusian Roglicek 2.25 ateratzen dio Valverderi, 3.01 Podgacar-i, 3.18 Lopezi eta 3.33 Quintanari.

Bihar 14. etapa korrituko da, San Vicente de la Barquera eta Oviedo artean. 188 kilometro, eta ihesaldientzat protagonismo guztia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak