Mikel Iturriak etapa bikaina irabazi du, eta bere kirol ibilbideko garaipen onena lortu

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko ira. 4a, 18:20

Ikaragarri sufritu du urnietarrak helmugara bakarrik iristeko, atzetik aurrera eginez, baina lasai gozatu ahal izan du garaipenarekin azken metroetan.

Erretiratu daiteke lasai. Itzuli handi bateko etapa bat irabazi du Mikel Iturriak, eta ze etapa. Euskal Herrian hasi eta bukatu dena, Iturriak ezin hobe ezagutzen duena, tarteka eskualde hartatik aritzen baita entrenatzen. Sufrimenduz zipriztindutako garaipena izan da, epikoa, eta sinesten zaila etapa ikusi ez duenarentzat. Urnietakoak atzetik aurrera egin eta helmugatik 25 kilometrora jo du erasoa. Ihes lagunak egiten utzi diote, eta 30 eta 45 segundo artean izan ditu tarte luzean. Atzekoak mokoka zebiltzan euren artean, eta Howson, Cradcodk, Lastra eta beste 10-12 segundora hurbildu dira sei kilometroren faltan. 6-7 segundora ere bai azken kilometrotik gertu, baina helmuga jaitsieran zen, eta horrek bizitza, arnasa eman dio Murias taldekoari, garaipen dotorea lortzeko.

Iturriak beste 13 lagunekin egin du ihes, eta tropelak baimena eman die. Zaldi sendoak zeuden taldetxoan: Alex Aranburu, Gorka Izagirre, Bidard, Madrazo... Dozena minutuko zuloa ireki dute, Jumbo Vistaren erritmo lasaia baliatuz. Izpegin Gorka Izagirre eta Aranburu joan dira. Gero Craddock batu zaie, baina atzetik iheskideak ere iristen joan dira, aurrekoak indarrak gordetzen zihoazelako. Iturria ere iritsi da, helmugarako 26 kilometro falta zirela. Minutu pare batean arnasa hartu, eta erasoa jo du. Ez da inor atera bere bila. Eta bidea egin du. Eta sufritu. Eta hustu. Eta errezatu ere bai, igual. Baina fedea zeukan. Eta latza. Historia egin du. Vueltako etapa bat irabazi du, zorionak Mikel Iturriarentzat.

Biharko etapak 170 kilometro ditu, Los Arcos-Bilbo, eta bukaera benetan bihurria, hirugarren mailako hiru mendate pikorekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak