Podgacar-ek 'hemen nago' esan dio munduari, eta Quintana lider jarri da; Roglicek aurrerapausoa eman du, Vuelta irabazteko

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko ira. 1a, 19:00

Movistarren taktikak arrabotsa sortu du, etapa irabazteko aukera zeukan Marc Soler geratu egin baitute, Quintanaren mesedean, ostera errentarik apenas lortzeko.

Etapa ikusgarriena ikusi ezinik geratu gara, erauntsiak eta kazkabarrak Andorrako mendiak infernu bilakatu baitituzte. Sterrato edo lurrezko errepidean zer gertatu den jakin ezinik geratu gara, eta erauntsia lehertu aurreko, eta ondorengo egoera zeharo ezberdinak izan dira. Teknologiak kale egin aurretik Miguel Angel Lopez baitzihoan lider, eta Fulgsang taldekidea kolonbiarra helmugarantz ziztu bizian eramateko gertu, baina sterratoan erori egin da Lopez, eta Astana taldeak etaparako prestatutako taktika bikaina harrikara bota. 40 segundora zetozen beste hiru oilarrak bat egin dutelako Lopeze-ekin, eta horrekin konforme ez, Lopez minduta zela jakitun, erasoz eraso zigortu dute, berarentzat egokiena zen etapan galtzailea izateko. Lopez asko erortzen da, eta errepidea arriskutsua zegoela esateak ez dauka indar handirik, beste txirrindulariak ez direlako erori.

Zeresan handiagoa eman du Movistar-en taktikak, eta Nairo Quintanaren mesedean aritzeko daukaten egoskorkeria. Quintanak Lopez-en lehen erasoari aise erantzun dio. Bigarrenean ezin izan du jo, eta Lopez erori eta gero, Quintanak berak egin du aurrera. 15-20 segundo jan dizkio Roglic-i, eta Movistar taldeak, autotik, lasterketa buruan zihoan Marc Soler-i geratu eta Quintanari laguntzeko agindu diote. Soler, noski, haserretu egin da, eta garbi erakutsi du bere desadostasuna eta haserrea, kameren aurrean. Quintanak berak 7 segundo baino ez ditu irabazi Soler-en lanari esker, eta Tadej Podgacar-en eraso bortitzaren aurrean ezintasun latza erakutsi du. Lidergoa bai, lortu du Quintanak, sei segundogatik, baina etapa bat galtzearen truke. Errenta apala irabaztearen truke, eta talde giroa asko kakaztuta. Podgacar-ek etapa dotorea irabazi du, eta toki ziurra egin Top 10ean, nabarmen gorago ez bada.

Bihar lehen atseden eguna egingo du Vueltak, Pauen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak