Valverdek irabazi du Mas de la Costan, eta Vuelta laukote baten esku geratu da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko abu. 30a, 19:42

Lopezek maillot gorria berreskuratu du, baina aurkari gogor izango ditu Roglic, eta Movistarreko bikoa, Valverde eta Nairo Quintana.

Zeuden lauek diraute, baina beste guztiak desagertu dira. Vuelta lehen astea betetzear dagoen honetan, Mas de la Costako gain pikoak Vueltako hautagai sorta ikaragarri murriztu du. Lopez daukagu, kolonbiarra, liderra, Astanakoa. Valverde atzoko etapako garailea, Movistarrekoa. Roglic, Jumbo-Vistako esloveniar hegalaria, eta ziur aski hautagai indartsuena une honetan, eta Nairo Quintana, Valverderen taldekide... edo aurkari kide. Azken mendatean bakoitza bere gerra egiten saiatu baita. Quintanak dozena erdi eraso jo ditu, eta bakarren batean Valverde atzeratzea lortu du, 20 bat metro. Baina Murtziakoa bueltatu egin da beste hiruren ondora, gelditu egin direlako. Quintanak Lopez eta Roglic zigortzeko erasotu duela esan du helmugan, baina...

Etaparen jokoan Valverde nagusitu da, muga-mugan joanda ere artista delako. Roglic saiatu da, espainiarraren gurpila jarraitzen, eta lortzear egon bada ere, ezin izan du garaipena poltsikoratu. Mezu garbia helarazi die, halerem hiru aurkariei: gorantz zuek adina nabil, eta Paueko erlojupekoan txikitu egingo zaituztet'. Andorrako etapa, igandean, gaurkoa baino askozaz gogorragoa izanen da, eta han eusten badio, Vuelta erdia poltsikoan izango du Roglic-ek.

Etapaz, 11 laguneko ihesaldia, Cyril Barthe Euskadi-Murias-eko biarnotarra tartean. 5 minutuko zuloa lortuta, Movistar jarri da tiratzen, eta zergatia helmugan ikusi da: etapa garaipena nahi zuten, Valverde edo Quintanarekin. Gilbert-ek eta Sergio Henaok iraun dute gehien, azken mendate hasieraraino. Jumboko Seep Kuus-ek egin du selekzioa, eta errosario latza sortu da hormigoizko pista malkartsuan gora. Baina lau erregeak aurrean. Helmugaraino.

Bihar zortzigarren etapa jokatuko da, Valls eta igualada artean. Laua lehen erdian, ihesaldia sortzeko aproposa, eta bigarrena bihurriagoa, Montserrat mendigunea zeharkatuko duena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak