Angel Madrazo izan da mendiko lehen etapako protagonista. Burgos BH taldekoak etapako seigarren kilometroan egin du aurrera, Burgos Jetse Bol taldekidea eta Jose Herradarekin, eta ezustean, tropelak baimena eman die. Ezustean, ihesaldia garestiagoa egongo zela pentsatzen zelako, kide gehiagoz osatua, eta izen ezagunagoez osatua. Baina ez da hala izan, eta bidea egiten utzi diete. Hainbesteraino, 12 minutu pasa hartu dituztela. Eta Nicolas Roche liderraren Sunweb begira. Eta Movistar begira. Eta denak begira. UAE-Emirates hasi da tiratzen, baina hustu gabe, beste talderen bat erakartzeko asmoarekin. Baina ez da hala gertatu, eta aurrekoen artean erabaki da etapa.
Madrazo helmugatik 45 kikometrora sufritzen hasi da, eguneko bi mendateetan buruan pasa eta mendiko lidertza lotu ostean. Baina gero agerian geratu da, plantak egiten ari zela, Jose Herrada igotzaile ona izanagatik aurrea hartu duelako Javalambreko azken metroetan. Oilarren taldean, Valverdek jo du erasoa aurrena, eta Quintana taldekidea behartu. Miguel Angel Lopez eta Roglic indartsu agertu dira, Roglic Seep Kuus gazteak lagunduta. Lopez kolonbiarrak 3.5 kilometrora jo du, eta hanka egin. Etaparik gabe geratu da, eta berak nahi baino segundo gutxiago irabazita, baina Puig Llorençan galdu zuen maillot gorria berreskuratu du. Podgacar ere bikain aritu da, Valverde eta Roglic bikoarengandik gertu
Bihar seigarren etapa korrituko da, Mora de Rubielos eta Ares del Maestrat artean. 200 kilometro luze, eta lau mendate: bigarren eta hirugarren mailako bana, etapa hasieran, eta hirugarren mailako beste bi etapako azken 30 kilometroetan, azkena helmugan bertan. Ares del Maestrat gaina 8 kilometro da luze, eta %5eko batez besteko pendiza dauka.