Bennett, Bennett eta Bennett. Beste izenik ez zegoen apustu etxeetan eta aditu askoren iragarpenetan. Hain erraz irabazi zuen atzo, ez zela beste hautagairik ikusten laugarren etapan. Ba agertu zen, eta garaipen ederra lortzeko. Fabio Jakobsen-ek kolpea jo du mahai gainean, 'hemen nago' esan, eta Bennett-i masajean hausnartzeko motiboak eman, larunbateko etapari begira. Deceuninq taldekoak irlandarra eta Sunweb-eko Walscheid menderatu ditu esprintean.
Baja garrantzitsu bat, etapako lehen kilometroetan: Steven Kruswijk bizikletatik jaitsi da hasi eta gutxira, taldekako erlojupekoan hartutako kolpeei buelta eman ezinda. Cubero eta Wallays-ek bidea egin dute gero, eguneko ihesaldia osatzeko. Arraun egin, ertzean geratzeko. Ohiko legea zailtasun orografiko handirik gabeko etapetan. Eta bukaeran, haize babesen beldur, tentsio handiko uneetan, Rigoberto Uran lurrera. Itxuraz ezer larririk ez, min galanta ez bada. Ikuskizun bihar ze eragin izan dezakeen erorketak.
Bihar lehen etapa menditsua jokatuko delako, ia-ia itsas mailan hasi, eta Javalambre Behatoki Astrofisikoan bukatu, 1.960 metrora. Teruelgo mendietan barrena ibiliko da tropela, errepide estu eta gorabeheratsuak, hanka zuztarrak puzten dituzten aldapa gaizto askorekin. Azkenekoa, lehen mailako benetako mendatea, 11.1 kilometro, eta %7.8ko batez bestekoa. Oilarrak dantzan, gauza dezente argitzea espero da.