Indarrak beste puska bat xahutuko dituen desgaste etapa izan da hirugarrena, Ibi eta Alacant artean. Eskualde hartako mendialdean barrena tropelak bizi-bizi egin du bidea, ihesean zihoan hirukotea harrapatzeko, eta edozein aldapa txikitan asko ikaragarri sufritzen hasiak direla ikusi da. Batez ere esprinterrak, Jakobsen eta Gaviria Tibi hirugarren mailako mendatean atzean geratu baitira. Jakobsen sartu da, tropel nagusian, edo eraman egin dute, Deceuninq taldekoek, baina Gaviria ezinean aritu da, Marcato eta Henao taldekideak alboan izanda ere, eta ezin izan du esprintean sartu.
Hiru lagun, ihesean, talde gonbidatuetako ordezkariak, noski: Rubio eta Madrazo Burgos BH taldekoak, eta Hector Saez Euskadi-Murias taldekoa. Madrazo, egoskor, eguneko bi mendateetako puntuak pilatu eta mendiko sailkapeneko lidergoari eusteko. Beste biak babeslearen publizitatea egiteko asmo xumearekin, tropelaren indarraren aurrean zer eginik ez zutela jakitun. Helmugatik 40 kilometrora harrapatu dituzte, eta han hasi da oilarren ahari borroka, euren oilarrentzat posizio onena bilatu eta arriskuak saihesteko. Azken esprintean Sam Bennett irlandarra izan da azkarrena. Bora Hansgrohe taldekoak Mezgec eta Degenkolb menderatu ditu esprintean. Ez da aldaketarik egon sailkapen nagusian.
Bihar laugarren etapa korrituko da, 175.5 kilometro Cullera eta El Puig artean. Bidean hirugarren mailako mendate bakarra. Erne iragarri duten eguraldi gaiztoarekin, trumoi giroa eta euri zaparrada handiak aurreikusi baitituzte.