Mendiak oilarrak baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko abu. 23a, 19:15

Bihar hasiko da Espainiako Vueltako 75. ekitaldia, taldekako erlojupeko laburrarekin; faborito sorta aberatsa ageri da atarikoan.

Bihar arratsean hasiko da Espainiako Vueltako 75. ekitaldia, hiru itzuli handietan azkena. Denboraldi txukuna egin ez dutenentzat ikasleentzat iraileko azterketak zirena. Baina abuztua-iraila biltzeko, babeserako garaia izaten hasten da. Txirrindulariak otsailaz geroztik dabiltza egurrean, eta hanka pelotetan pilatua duten nekea arindu ezinda, dagoeneko. Parte hartzea nabarmen apaldu du, horrek, baina urteroko kontua da. Onenek Tourra korritu nahi dute, eta Giroak ere Vuelta baino erakarpen handiagoa du, oraindik. Oilarrak, egon, badaude, baina zortziko talde ahulekin etorri diren World Tour sorta polita ere bai.

Ibilbideak ere aurreko ekitaldien joera mantentzen du. Mendia, mendi asko, eta erlojupeko gutxi. Taldekako 13 kilometroko erlojuperkoa, eta Paueko 36 kilometroko bakarkako etapa gorabeheratsua, Tourrean jokatu zenaren antzekoa. Hortik aurrera, ahuntzen pare, aldapari aldapa. Eta hasieratik, gainera. Lehen astean lau etapa bukatuko dira gainean, eta horietako hiru oso gogorrak: Javalambre, asteazkenean, Mas de la Costa ostiralean, eta Els Cortals d’Encamp, Andorran, igandean. Hiru etapa horietan asko irabaz edo gal daiteke.

Euskal Herrian barrena korrituko diren hiru etapa datoz gero. Donapaleun hasiko da lehena, eta Urdazubi-Dantxarinean bukatu. Zuberoa eta Baxe Nafarroa alderik alde zeharkatuko ditu tropelak, azken tartean Lapurdi eta Nafarroa artean jauzika ibiltzeko. Irailaren 4a da, eguna, asteazkena. Biharamunean, 5ean, Nafarroa hegotik abiatuko da lasterketa, Urantziatik, Araba ekialdetik iparrera zeharkatu eta Bilbon bukatzeko, etapa bukaera gaiztoan. Eta irailaren 6an, Bilbotik abiatuko da etapa, Kantabriako Los Machucos gain gaiztoan bukatzeko. Bigarren astea Vueltako mendiko etapa gogorrenekin bukatuko da, Asturiasen, igande eta astelehenean. Santuario del Acebon bukatuko da jai egunekoa, La Cubillan astelehenekoa, 1.700 metrora. Ezin esan, zein izanen den erabakigarriagoa, baina oso etapa gogorrak dira.

Azken astean Erdiko Mendikatean barrena ibiliko dira: Madril, Segovia, Avila… Berez Pirinioak eta Asturiasko mendiak baino etzanagoak dira, baina hango errepideak lakarrak dira, gogorrak, eta hirugarren asteak triskantza handiak egin ditzake Madrilgo Navacerrada aldean, eta Avilan, Gredosko paraje dotoreetan.

Roglic, Lopez, Valverde, Uran, Ion Izagirre…

Carapaz-en azken orduko bajarekin, garaileen sorta murriztu egitem da nabarmen. Quintana gai izango ote da neurria emateko? Edo Valverderengan jarriko du konfiantza Movistar taldeak? Astanak bloke indartsua du, Miguel Angel Lopez kolonbiarrak gidatuta, eta Jakob Fulgsang danimarkarra rekamaran. Ion Izagirrek ere hamar onenen artean sartzeko erronka izango du. Primoz Roglic saiatu zen Giroan, baina ezin izan zuen Carapaz eta Nibalirekin. Mendi gehitxo, eta erlojupeko bakarra, bere etxe kalte. Uran ere Tourretik dator, eta ez dago beste batzuk bezain fresko. Adi bultzaka indartsu datozen gazteekin: Podgacar, Higuita, Padun, Knox…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak