Zipaquirako semea da Egan Arley Bernal Gomez. Cundinamarca probintzikoa, Bogota hiriburutik nahiko gertu. 2.650 metrora dago hiria, eta haizetsua omen. Horregatik egiten da kometa jaialdi ezagun bat, eta goitizen horrekin bataiatu dute Tourreko garaile berria: Zipaquirako Kometa. 22 urte baino ez ditu Bernalek, historiako lehen kolonbiarra, Garaipenaren Arkuan maillot horia janzten duena, eta historiako gazteenetakoa. Eta galdera gehiegi pentsatu gabe ateratzen da. 22 urterekin aurrenekoa lortu badu, zenbat irabaz ditzake hurrengo 8-10 urtean? Ba igual Armstrong-en zazpiak, baliogabe utzitakoak, motz geratzen zaizkio podiumean emozioei eutsi ezinik egon zen kolonbiar meharrari. Ez alferrik, Kolonbiako idolo berria da, eta hurrengo egunetan omenaldi parrasta jasoko du. Burua hotz mantentzen dakien horietakoa dirudi Bernalek, eta beharko du, 22 urterekin munduko txirrindulari onena izanda tentazio eta laudorio ugari jasoko baititu.
Tourrak ondorio asko utzi ditu. Ibilbide gogorren edo garaiena eduki duena historiako alde txikienekin bukatu dela, deigarriena. Lehen bosten artean inoiz ez ziren eman halako denbora diferentzia txikirik. SKY zenaren diktadura ere bukatu da, baina zertarako diktadura, egun pare bateko ahaleginarekin zure liderra sailkapen buruan jartzen baduzu? Eta izen asko. Julien Alaphilippe Frantziako izar berria, Thibaut Pinot-en betiereko zorigaiztoaren kontrapuntu. Edota Kruiswijk podium-eko 3. koskaren jabe 'zozoa', apenas erasorik egin gabe igo baita Eliseoetako Zelaietako podiumera. Zer esan indartsu bultzaka datozen hainbat gazteren aurrean? Gaudu, De Plus, Kamna, Van Aert... Edo Simon Yates, Thomas De Gendt edota Vincenzo Nibali beteranoen kasta.
Euskaldunei dagokionez, hainbestean geratu da Mikel Landaren podiumerako erronka, podiuma gora eta behera, Tour guztian ez baitu lehen hiru eskilaretako batetara igotzeko zirrikiturik sumatu, eta berak aitortuta, luze egin zaio azkeneko astea. Albi-ra bidean gertatutako erorikoaren damu dira asko, baina zoritxarrez, egoera horiek eguneroko ogia dira txirrindularitzan. Landari tokatu zitzaiona beste norbaiti pasa zitzaion bezperan, edo hurrengo egunean. Movistar taldeko gobernu faltak ere ez dio sobera lagundu Landari. Gorka Izagirre eta Omar Fraile saiatu dira, azken astean, lehenago bilatu ezin izan zituzten ihesaldien bitartez.
Etapa, noski, esprintean bukatu da. Ikuskizun zen ze esprinterrek gorde zuen indar gehien Alpeetan. Caleb Ewan zen faboritoa, eta hala berretsi du Lotto taldeko australiar txikiak, 'pocket rocket' goitizenarekin ezagutua. Parisko garaipenak asko balio du esprinterrarentzat, eta Ewan-ek Pariskoa eta beste bi irabazi ditu. Groenewegen eta Bonifazio menderatu ditu azken zuzengunean. Eta podiuma eta Kolonbiako ereserkiarekin bukatu zaigu Tourra. San Ferminak bukatzen direnean bezala, dagoeneko ordu gutxiago geratzen dira, 2010koa hasteko! Siesta garaiak datoz, abuztuaren 24a arte. Donostiako Klasikoa, edota Burgosko Itzulia eta Norvegiako Arctic Race-ekin distraituko gara, tartean. Abuztuaren 24an 'lata' gehixeago emateko prest, hemen, bueltan, Espainiako Vueltako kontakizuna egiteko. Laster dator, opor on!!!