Bukatu da Tourra. Beno, sailkapen nagusia. Bukatu bihar bukatuko da Parisen, baina biharkoa tramite hutsa izango da. 59 kilometroko etapa laburra jokatu da gaur, errepideak luiziz beteta utzi baitzituen, nonbait, atzoko erauntsi gogorrak. Val Thorens-eko igoera luzea, eguneko mendate bakar, baina nahikoa tropela muga-mugan doala ikusteko, eta gogortasun itzelik gabe, jendea oso justu doala konprobatzeko. Ezustea, etapan, ihesaldiak arrakasta lortu duelako, baina hors class baten merituz: Vincenzo Nibali, Giroan bigarren sailkatuta, eta Tourrean etapa ehiztari bilakatuta, etapa ikaragarria irabazi du, txirrindulari txapeldunen legean. 2.40 segundorekin hasi 34 kilometroko aldapa, eta dozena bat segundorekin helmugaratu, tropelean jendea justu doalako, eta etapa garaipena eskura zutenek ez dutelako ardurarik hartu nahi izan.
Movistar taldeak, batez ere. Etapa bukaera ikusita, eta Valverde bigarren, eta Landa hirugarren sailkatu direla ikusita, etapa eurena zelako, taktika egokia erabili izan balute. Baina beste behin, ez dute asmatu, eta esku hutsik joango dira hotelera. Jumbo Vistako Bennett eta Laurent De Plus txirrindulariek egin dute igoera guztia, eta Movistar taldeak Soler eta Quintana erabili nahi izan ditu etapa irabazteko, aukera onenak Valverde eta Landa zirenean. Baina edo ez dira enteratu, edo berandu hartu dituzte erabakiak. Jumbo Vistak, behintzat, garbi zeukan zer nahi zuen: Alaphilippe lehertu, eta Kruiswijk-ekin podiuma lortu. Hori zen euren helburua, eta lortu dute, Bernal eta Thomas-en ostean, podiumeko hirugarren koska. Movistar, aldiz, sapaira begira... Alaphilippe, espero bezala, lehertu egin da, eta podiumari agur esan dio. Top 5a mantendu du, behintzat, eta Tourreko onenetakoa izan da.
Bihar Tourreko azken etapa korrituko da, Rambouillet eta Paris artean, 124 kilometro, eta esprintean bukatuko dena Eliseoko Zelaietan. Etapa iluntzeko 20.30ak aldera bukatuko da.