Gertatzen da, noizean behin, izar bat jaiotzen dela oharkabean, eta izar horrek belaunaldi oso bat markatzen du. Julien Alaphilippe izango ote da izar hori? Ba sinesgarritasun apur bat eman beharko zaio, Paueko erlojupekoan sekulako erakustaldia eman baitu, aurkari guztiak menderatu eta lidergoa asko sendotuz. Alaphillipe tamainako erlojupeko bikainik egin gabe zen, artean, baina izan maillot horiagatik, edo batek daki zergatik, gaur-gaurkoz Deceuninq taldeko frantziarra Tourrean gauza handiak egiteko hautagai sendoa da. Nork ziurta dezake, esaterako, Pirinioetan eta Alpeetan ez diola lidergoari eutsiko? Erlojupekoaren atarian ere inork ez zuen espero halako erakustaldirik ematea. Eta igandean maillot horia mantentzen badu, zer? Erne!
Erlojupekoan espero baino alde txikiagoak eman dira, eta txirrindulari askok lan txukuna egin dute. Noski, Geraint Thomas izan da neurri onenetakoa eman duena, buruz buruko lehia dotorean murgilduta liderrarekin, baina maillot horia berreskuratu ezinik. Berreskuratu ez, eta segundo batzuk urrunago dauka, gainera, Ineosko galestarrak. Alaphilippek errenta hauek lortu ditu helmugan: Thomas 14ra, Uran 36ra, Kruswiijk 45era, Pinot 49ra, Fukgsang 1.09ra, Bernal 1.36ra, Landa 1.45era, Quintana 1.51ra eta Bardet denen artean okerren, 2.26ra. Sailkapen nagusian, Alaphilippe-ek 1.26 kentzen dio Thomas-i, 2.12 Kruswiijk-i, 2.44 Enric Mas-i, 2.52 Bernal-i, 3.22 Pinot-i, 3.54 Uran-i, 3.55 Quintanari, 4.29 Fulsang-i eta 6 miunutu luze Landari.
Bihar Tourmalet-en bukatuko da etapa, eta noski, atzokoan baino askoz mugimendu handiagoa egotea espero da. Etapa laburra da oso, 117.5 kilometro. 60. kilometroan Soulor mendatea igoko du tropelak, Ferrieres-etik. Lehen mailakoa da Soulor, eta 60. kilometroan dago. Handik, baina, 40 kilometro luze daude Tourmalet-eko igoera hasi arte, eta horrek asko zailduko du oilarren borroka, non eta ez duten zubi lana egingo duten morroirik sartzen, Soulor aurretik sortzen den ihesaldiren batean. Luz Saint-Sauveur pasata, orduan bai, orduan egurra hasiko da, txirrindulari asko baitira denbora irabazteko beharrean daudenak, batez ere Movistar-eko Landa eta Quintana, Astanako Fulgsang eta Groupamako Pinot. Eta Alaphilippe zer? Igual irabaziko du bihar...