Bost orduko siesta, eta ordu erdiko egurra; Viviani nagusi 'volata'-n

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 9a, 17:54

Etapa aspergarria izan da laugarrena, hiru laguneko ihesaldia hasiera-hasieratik, eta tropela indarrak aurrezten hurrengo bi etapa gogorrei begira.

Zenbaitetan pasatzen da, eta gaurkoan aurreikusteko modukoa. Etapa lau eta luzea, luzeegia, etapa gogor baten ondoren. Bukaera jakinekoa, esprintean, eta arrakastarik lortuko ez dutela jakitun diren talde ahulenetako txirrindularien ahalegina. Siestarako egokiak diren etapa horietakoa, lehen lau orduetan ezer interesgarririk gertatzen ez delako, eta azken ordu erdian dena. Halakoxea izan da Reims eta Nancy artekoa. Etapa hasi eta berehala, Wanty taldeko Offredo eta Backaert, eta CCCko Schar aurrerantz. Eta tropela, geldi, baimena emanez hirukoari.

Hortik aurrera, gauza gutxi, kontatzeko. Noiz hasiko den tropela tiratzen, erorketaren bat... Hiru minutu utzi dizkiete aurreko iheslariei, eta nahi izan dituztenean harrapatu dituzte, laugarren mailako Cote de Maron hasi aurretik artaldea erabat osatzeko. Eta hiru kilometroko aldapan, egurra. Esprinterren artean, posizioa onena bilatu eta aurkariak nekarazteko Matthewsen Sunweb, eta etapa ehiztariena, esprinterren diktadura onartu nahi ez dutelako. Lilian Calmejane frantziarraren ahalegin ustela, horien artean.

Koktel horretan, eta espero bezala, esprinterrak eta esprinterren taldeak nagusi. Azken esprintean, Viviani nagusi, kristoff eta Ewanen aurretik. Deceuninq-en esprinta prestatzeko lana ikusgarria izan da, txirrindulari eskoletan erakutsi beharrekoa. Alaphilippe, lana beltz egin ondoren, lider mantentzen da eroso.

Bihar askoz etapa mugituagoa espero da. 175 kilometro Saint-Die-des Vosges eta Colmar herrien artean, Frantziako Vosgues eskualde menditsuan. Bidean lau mendate, bi hirugarren mailakoak, eta beste bi bigarren mailakoak. Azken hiru mendateak etapako azken herenean igoko dira, eta azkeneko gailurretik helmugara 19 kilometro bakarrik daude. Ihesaldian txirrindulari onak sartzea espero da, eta errepidean topatuko dituzten zailtasunak ikusita, litekeena da arrakasta izatea, jazarpena egiteko terreno zaila baita Vosgues eskualdekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak