Mike Teunissen-ek ezustekoa eman du, lehen etapan, bere kirol ibilbideko garaipen onena lortuz

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 6a, 17:25

Groenewegen etapa irabazteko hautagai nagusia erori egin da helmugatik hiru kilometrora, eta Fulgsang-ek ere kolpe handia hartu du.

Ez Viviani, ez Sagan, ez Ewan, ez Groenewegen, ez inor. Mike Teunissen da Tourreko lehen etapako garailea eta maillot horia. Urduritasun eta kabitu ezinezko egoera franko bizi izan dira lehen etapan, eta hiru kilometroetako mugaren barruan Dylan Groenewegen etapa irabazteko hautagai nagusietakoa jokoz kanpo utzi duen erorketa batek erabat nahasi du ailegaera. Esprint bideratzailerik gabe, bakoitza bere kasa saiatu da, eta borroka horretan Matthews abiatu da aurrena; Colbrelli ondoren, eta Saganek egina zeukala zirudienean, ezustean Mike Teunissen agertu da bere ezkerretik, gurpil laurden bategatik munduko txapeldunari aurrea hartzeko. Teunissen txirrindulari azkarra da, baina gauzak normal, eta ohiko esprint batean, ez da ondoan dituen esprinterren mailara iristen.

Groenewegen erori da, baina Jakob Fulgsang ere bai. Helmugarako 17 kilometro falta zirela erori da danimarkarra, eta masailean behera odola borborka galtzen egin behar izan du bidea tropeleraino, Astanako kideak lagunduta. Iritsi zen helmugara, baina ikuskizun ze osasun egoeran. Ikuskizun, era berean, hiru kilometroren faltan gertatutako erorketak utzitako ondorioak, dozena bat lagun jausi baitziren, abiadura handian. Lehen etapa hauek oilarrentzat erresistentzia ariketa neketsua direla berretsi da, eta egunero kolpe edo zauririk egin gabe helmugara iritsi ahal izatea lorpen handia bilakatu da.

Etapak zer kontatu gutxi izan du. Lau lagunen historia handirik gabeko ihesaldi bat. CCCko Greg Van Avermaet sartu da lauko taldetxo horretan, baina asmo jakinarekin: Grammont-eko hormako pankarta lehen postuan pasa, eta bihar puntudun maillota zurigorriarekin egin taldekako erlojupekoa. Hori lortuta, tropelak harrapa zezan zain geratu zen, ihesaldiak biderik ez zuela egingo jakitun. Etapan hiru harbide zati zeuden, eta horietan tentsio handia sortu da. Helmugatik urrun zeuden, eta tentsioa baretu egin da, zorionez, errepidea berdindu ondoren. Stefan Rossetto saiatu da etapako azken herenean tropelaren diktadura kamusten, baina alferrik.

Bihar Tourreko lehen test serioa korrituko da, taldekako erlojupekoa Bruselasen bertan. 27 kilometroko lana, ibilbide gorabeheratsua, eta Team Ineos faborito argi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak