Arrasaten badira bost urte Arrasateko Nagusien Kontseiluak egitarau osatu bat aurkezten digula arrasatearroi, guztion gozamenerako.
Aurten, bakarrizketa umoretsu batekin hasi eta Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik lotsatzen gaitu zahartzeak?konferentziarekin amaitu da. Bi ekitaldien erdian, kapelen desfile intergenerazionala, bi kontzertu ezberdin eta urriaren 1ean, Nagusien Egunean, manifestuaren irakurketa izan genituen.
Egitarau oparoa eskaini digu Arrasateko Nagusien Kontseiluak, herriko hainbat eragileren kolaborazioarekin. Beraien aurkezpenean esan ziguten moduan, ez da bakarrik pertsona nagusientzako egitaraua izan, baizik eta herritar orori zuzendutakoa.
Aipaturiko ekintza horietako gehienez gozatzeko aukera izan dut, eta lerro hauek baliatu nahi izan ditut Nagusien Kontseilua zoriontzeko, azken bost urteetan Nagusien Astea antolatzeko egiten duzuen esfortzuagatik, baina baita egunero egiten duzuen lan eta proposamenengatik ere; bihotzez, eskerrik asko!