1972. urtean sortu zuten kluba, eta azken 50 urteetan Arrasate eta inguruko errugbi-zaleei aukera eman diete kirol hau praktikatzeko eta ikusle bezala gozatzeko. 50 urte hauetan makina bat boluntario egon da klubean eguneroko lana aurrera ateratzen, eta hauei guztiei merezi dituzten aitorpen eta zorion hitzak bidali nahi dizkiet.
50 urtean azpimarratzeko ekintza asko egin dituzte: 1992. urtean emakumezkoen taldea sortu izana eta garagardo festa egitea duela 20 urte baino lehenagotik. Baina nik bat aipatu nahiko nuke, bereziki: 2020. urtean errugbi inklusiboko talde bat sortu izana. Eredugarria da klub batek egunerokotasunean inklusioko talde bat izatea, benetan txalotzekoa.
Honegatik guztiagatik, zorionak ART familia osatu duzuen eta osatzen duzuen guztioi, 50 urte hauengatik eta gutxienez beste 50 urtez errugbiaz gozatzeko aukera izan dezagun guztiok.