Pandemia garaian auzoko elkartea sortu zuten, bizilagunen artean lagundu eta auzoa biziberritzeko asmoarekin. Bilera ezberdinak izan ditut auzotarrekin igogailu publikoak jartzeko prozesuan eta horien bitartez aukera izan dut elkartea eta auzotarrak ezagutzeko, eta azken hilabeteetan eta auzolanaren bitartez berritu duten lokala bisitatzeko. Benetan pozgarria izan zen ikusi nuen emaitza. Guztiz abandonatuta zegoen lokal bat berritu dute auzotar guztien artean, kide bakoitzak ahal izan duen neurrian lagunduz.
Horregatik, nire lehenengo kolaborazio hau baliatu nahi izan dut Santa Teresa eta Doneztebe Portuko komunitate izaera eta auzolana goraipatzeko eta bizilagunak zoriontzeko, egin duten lanak merezi baitu aitorpen bat.