Vignemalen elkartuko gaittuk!

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Agirre 2018ko aza. 23a, 07:41

"Hi, Lasku! Oinguan be, boterik ipini barik egin dok alde! Gero ez hadi etorri Ron Santa Teresa Kas Naranjakin edo beste konbinau arraroren bat nahi dozula esanaz...".

Egia esan, 2014ko abuztuan alde egin zuen Laskuk, Vignemaleko tontorrera bidean betiko galdu zenean. Okzitaniako Tolosako ospitalean ikusi genuen lehendabizi, Donostian ondoren, Arrasaten gero eta Zumarragan azkenik, baina gurpil aulkian kieto zegoen hura ez zen Lasku.

Gorputzez bai, baina haren arima Vignemalen gelditu zen betiko.

Nerabe ginela elkartu zinen gure kuadrillara. Begiak itxi eta patillak perfekto moztuta eta Loquilloren tankerako tupe antzeko batekin ikusten zaitut Pol-Pol kanpoan elkartzen ginen taldetxora batuta.

Gogoan ditut, oraindik, Fiat Punto beltzean egiten genituen irteeratxoak Kashbaden lehen kaseta entzunez; "Beti nahi izan dut aske bizitzea, nire hegalak zabaldu eta hegan joatea, ez nago isolaturik, bakarrik habiatik noa…".

Bateko kontzerturen batera, besteko ez dakit zer DJ entzutera, sagardotegira, Baskonia animatzera edo Conilera oporretan. Tipo polifazetikoa zinen, artista…

Kirolerako ere abila. Duatloi, triatloi, mendi-lasterketa, maratoi… beti antxintxika. Mendiak erakartzen zintuen aspaldion, eta eskiak jantzita izanez gero, are eta hobeto. Aneto ere pendiente gelditu zaigu, Lasku. Gogoan duzu lainoa sartu eta Portilloin buelta eman behar izan genueneko hura?

Hala ere, beti izango ditugu San Lorentzo, hain gustuko zenuen mendia, eta Vignemale. Betirako eraman zintuen Vignemale. Ez diot gorrotorik Vignemaleri, zure istripua gertatu zenetik begi ezberdinez begiratzen diodan arren: nola gorrotatu hain ederra den tontor hori.

Mendiko botekin edo eskiekin, baina zin dagit joango garela kuadrillakook Vignemalera eta hango tontorrean topa egingo dugula Ron Santa Teresa Kas Naranjarekin eta behingoagatik barkatuko dizugula boterik jarri ez izana…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak