Orkatz

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Agirre 2018ko urt. 12a, 07:45

Zazpi urte igaro dira dagoeneko ETAk, zorionez, behin betiko armak isildu zituenetik.

Zazpi urte luze joan dira, baina, hala eta guztiz ere, badira oraindik aldatu ez diren gauzak. Tartean, euskal presoen eta hauen senideen egoera. Aitzolek 15 urte daramatza kartzelan. Alcalako, Caceresko, Aranjuezko eta Huelvako ziegen hotza ezagutu du. Gaur egun, Huelvako kartzelan da, Euskal Herritik 1.000 kilometrora, bere senideengandik 1.000 kilometrora, Orkatzengandik 1.000 kilometrora.

Bost hilabete pasatxo ditu Orkatzek, Aitzolen eta Olatzen semeak. Aita ikusteko hilabetero egiten du Bergaratik Huelvarako bide luze eta neketsua. Hilean behin, bost hilabeteko haurrak 1.000 kilometro egin behar aitarekin tarte batean egoteko. Horrek dakartzan arrisku, kostu ekonomiko eta gainontzeko arazo guztiekin. Garai bateko kontuak dirudite, baina oraindik ere bizirik jarraitzen duen errealitate bat da. 1.000 kilometro, 1.000 musu, 1.000 besarkada eta 1.000 negar.

Espainiako Gobernuaren mendeku goseak ez du akaberarik. 1989an martxan jarritako dispertsio politikak berdinean dirau. Egun, aita edo ama kartzelan duten 18 urte arteko 113 haur edo nerabe daude Euskal Herrian. Motxiladun haurrak dira. Motxila astuna ezarri diete bizkarrean, inolako ardura edo erantzukizunik izan gabe. Horietako bat da Orkatz.

Larunbateko Bilboko manifestaziorako Prest gaude. Euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzaten aldarrikatzeko. Giza eskubideak, konponbidea eta bakea behar ditugulako. Bada garaia Euskal Herrira benetako bakea iritsi dadin. Ea gauzak aldatzeko ahalmena dutenek behingoz ulertzen duten, eta larunbatekoa azken aldia izan dadila arrazoi horregatik Bilbora joaten garena. Orkatzek eta bera bezalako motxiladun haurrek merezi dute hainbeste. 1.000 musu, Orkatz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak