Horiek loreak eta gehiago merezi baitituzte. Ez, zinemaz ari naiz. Asier Altunaren Amama-z eta Oscarretarainoko bidea egin duen Garañoren eta Goenagaren Loreak pelikulaz. Ez naiz ni zinemagintzan aditua; horregatik, agian, buru-kolpe bat baino gehiago eman nuen Loreak ikustean besaulkian lo ez gelditzeko borrokan.
Gustatu beharraren gustatu beharraz joan nintzen zinemara, eta txikitan miresten duzun kirolariren bat urte batzuk geroago bertatik bertara ezagutzeko parada izan eta geratzen zaizun aho zapore mikatzarekin bezalatsu gelditu nintzen: "Ez zen hainbesterako". Aho txikiarekin esan nuen ez zitzaidala gustatu eta batek baino gehiagok goitik behera begiratu zidan. "Zineaz putaideiarik ez daukazu", "Loreak ez bazaizu gustatu, ulertu ez duzulako da" eta antzerakoak esan ez, baina askok horixe pentsatu zuten nitaz.
Amama-k, berriz, lehen planotik besaulkira itsatsita utzi ninduen. Barre txikia ezpainetan nuela batzuetan, bihotza ahotik irten beharrean bestetan. Begiak erdi bustita, emozioz, amamaren begiradak sorginduta, Mursegoren txeloak barruak astintzen zizkidan bitartean. Gure baserriaren eta baserritarren errealitate gordin bezain ederra bikain islatzen du Amama-k, eta pelikulan agertzen diren hainbat pertsonaia bizitza errealean ezagutzen nituelako benetako irudipena izan nuen. Nire Oscarra eta loreak Kixi-rentzat, baina ni ez naiz zinemagintzan aditua…
Kontuak kontu, bi pelikulek erakutsi dute euskal zinemagintzaren benetako maila eta euskaraz egiteagatik ez direla inongo ateak ixten.
Atzerrian inongo konplexurik gabe ulertzen dituztela euskarazko pelikulak eta euskaldunok Ocho apellidos vascos baino zerbait gehiago garela. Loreak Amama-rentzat.