Hassan

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Agirre 2014ko uzt. 11a, 00:00

Hassan Ait Chaou berberea da. Marokoko Todrako zintzurren inguruan jaio zen. Bertan hazi zen eta bertan egiten zuen lan gurasoek zeukaten souvenirren dendan. Bizimodu lasaia zeraman, "prisa mata amigo" lelo ezagunaren tankeran.

Todrako zintzurretara euskaldun mordoa joaten da turismoa egitera. Bertako pareta bertikalak ezagunak dira eskalatzaileen artean. Villabona aldetik ere lagun kuadrilla batek ohikoa zuen Marokora eta Todrara bisita. Hassanek gustuko zituen euskaldunak, bazegoen bi herrien arteko nolabaiteko lotura (badira euskara berbereratik datorren teoria edo usteak; ama edo izarra, esaterako, horrelaxe esaten dira berbereraz ere).

Uda batean Ainhoak Villabonako kuadrillarekin Marokora oporretara joateko plana egin zuen eta Hassanekin egin zuen topo. Elkarren artean magia berezia sortu zen eta maitemindu egin ziren. Ezkontzea pentsatu zuten, baina Hassanek ezin zuen Euskal Herrira etorri paper kontuak tarteko. Ondorioz, ahalorde bidezko ezkontza egin behar izan zuten. Hassanek bere lagun bati eman zion Ainhoarekin ezkontzeko boterea eta halaxe ezkondu ziren Ainhoa Euskal Herrian zela eta Hassan, berriz, Marokon.

Paper kontuak lotuta 2000. urtean iritsi zen gure artera Hassan. Gaur egun Villabonan bizi da Ainhoa bere emaztearekin eta Alaia alabarekin batera. Euskaraz bizi da, iturgina da ogibidez eta mendi korrikalaria afizioz. Korrika tabakoa uzteko aitzakian hasi zen Euskal Herrira iristean. Ordutik lasterketa mordoa irabazi ditu eta euskal selekzioko partaide ere bada. 

Ipuina dirudi, baina egia berdaderoa da. Atzerritik etorri eta gure artean bertakotu daitekeen erakusgarri. Azkenaldian atzerritarrak gaitz guztien iturri diren uste zabalduaren kontrako istorioa. Izan ere, Hassanek dioen bezala: "Pertsona on eta txarrak herrialde guztietan daude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak