"Euskal Selekzioa"

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Agirre 2013ko urr. 28a, 01:00

1993ko abenduaren 22a ondo gogoan dut.

Bergarako Bandarekin joan ginen Anoetara. Euskadi (orduan horrela deitzen zen) eta Azkargortaren Bolivia aurrez aurre eta gu partida hasierako minutuak musikaz alaitzera. 15 urte besterik ez nuen eta zirrara sorrarazten zidan orduko Zubizarreta, Bakero, Guerrero, Alkiza eta gainerakoak Iribarren eta Expositoren esanetara ikusteak. Esperantza nuen aurreraxeago gure selekzioa nazioarte mailan Eurokoparen edo Munduko Txapelketaren batean ikusteko. "Zergatik ez?", galdetzen nion nire buruari. Futbol maila badaukagu, herri izaera zer esanik ez. Lan, gogo eta konpromisoarekin lortu dezakegu. 

Ordutik hona, 20 urte joan dira eta Euskal Selekzioaren aferak berdinean dirau. Ez aurrera, ez atzera. Euskadi edo Euskal Herria izenarekin sortutako polemikak agerian utzi zituen herri honen miseriak. Izenak itsututa izana erabat ahaztu genuen. 

Aurten ere Olentzerorekin eta Gabonekin batera etorriko da berriz ere Euskal Selekzioaren partida. San Mames Barrian Peruko selekzioaren aurka abenduaren 28an, Inuzente Egunez (egun aproposagorik ez dago aukeratzerik). Nik, ordea, ez daukat 15 urterekin nuen ez ilusio ez esperantzarik. "Aldarrikapena eta festa uztarturik", "ofizialtasunerako beste urrats bat gehiago" eta antzerako titularrak kaleratuko dituzte biharamunean egunkariek. Inork sinesten ez dituen leloak. 

Noizbait Euskal Selekzio ofizial bat ikusiko badugu, hori soilik independentziaren bidetik etorriko delakoan nago. Baina horrek beste zutabe baterako ematen du. Bitartean, urteroko Gabonetako lagunartekoarekin konformatu beharko dugu. Eta niri dagoeneko ez dit 15 urterekin Anoetan bizi izan nuen zirrararik eragiten…

P.D.: Aurten Olentzerori Kataluniako Selekzioaren kamiseta eskatuko diot. Edo Eskoziakoa hobe?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak