Honela zioen: Ezkerraren eta independentismoaren desmobilizazio masiborako agintarien isilpeko arma. Euskal elite politiko eta ekonomikoen isilpeko egitasmo baten berri ematen zen testuan. Planaren helburua lan eskaintza publikoetarako lehiaketen kopurua eta maiztasuna biderkatzea zen, etengabeko azterketen bitartez sektore aurrerakoiak desmobilizatzeko. Honez gain, fikziozko planak bestelako neurri batzuk ere bazekartzan: furgoneten erosketarako subentzio politika bat, manifestazioen ordez, denbora bidaiatzen emateko; nor bere gauzetan zentratu dadin denetariko terapien sustapen masiboa; eta azkenik, Mendi Lasterketen Euskal Zirkuitu profesionala sortzea, antsietatea eta amorrua bide baketsutik bideratzeko. Inuzentekeria ez hain inuzentea.
Telesail berri baterako distopia interesgarria izan zitekeen, ezta? Gidoian, zerbitzu publiko duinak aldarrikatzen dituzten greba eta mobilizazioak ahultzeko, EITB maratoia bezalako karitate-egitasmoen plana gehitu genezakeen.