Euskal Herriko Laborantza Ganbarak lau gaualdi antolatu ditu nekazaritzan hasi baina lurrik ez daukaten gazteak eta bizitza nekazaritzan eman ondoren baserriaren jarraipenerako segidarik ez daukatenak elkarrizketan jartzeko. Atentzioa deitu eta ze pentsa eman zidan kontu honek. Erreleboaren gaia kontu konplexu samarra baita beste eremu askotan ere: herri mugimenduetan, kultura arloan, elkarte gastronomikoetan, auzo-bizitzan, denda txikietan… Asmatu ezinean ibiltzearen sentsazioa daukat, segidarik ez izatean blokeo moduko bat sortzen da. Erreleboa inork hartu nahi ez duenean zer egin eta nola?
Komunitate batean haize berriei leku egiteko, baliabideak konpartitu eta aldaketarako prest egon behar da. Eta ez da erraza horrenbeste urtez zaindu duzun horri beste batek beste era batean helduko diola pentsatzea. Bizi esperientziak, ikaspenak eta ezagutzak transmititzeko espazioak sortu eta kafeekin hasi beharko.