Goxoki txiki bat. Egun hauetan egindako gogoeta eta sasi-analisi politikoetatik bi irudi berreskuratu nahiko nituzke. Zooma Euskal Herriko kanpainan jartzen badugu, hainbat politikarik erabilitako lengoaiaren perbertsioa –hitzen esanahia hustea, eraldatzea edo zuritzea– eta borroka sozialen apropiazioa azpimarratuko nuke. Marketin mota berri honek emaitzetan eragina izan duen susmoa dut.
Herriko emaitzek paisaia ezkertiar bat ireki diguten arren, herri mailan aldaketa sakonak planteatzeko erresistentzia eta mundu ikuskera kontserbatzailearen pisua hor dago. Datozen urteotan, eszenatoki eraldatzaile batera bidean sekulako lana dago egiteko, eta bide hori egiteko herrigintza indartsu bat egotea oso garrantzitsua iruditzen zait. Heldu diezaiegun, herrikideen arteko botere-harremanei, herri mugimenduei, instituzioekiko ikuspegi kritikoari, herritarren autoantolakuntzari, erronka deserosoei, periferia eta zentroari. Eta ez dezagun bistatik galdu zein den tresna eta zein den helburua.