Iruditzen zait adin tarte honetaz gutxi hitz egiten dela, eta horregatik nire gaurko artikulua.
Erantzukizunez beteriko aroan gaude. Gogor egiten dugu lan gure familiak aurrera ateratzeko. Umeak hazi eta hezi behar ditugu, eta batzuetan, ziurrenik, beraiengandik jasotzen duguna guk ematen dugunarekin ez dauka parekotasunik. Eta fase edo aro honetan bizi garen askok, gainera, gurasoen azken kapituluak hobetzen dihardugu.
Uste dut oraingo giza aldarrikapenetan nabarmena dela gaztediaren eta hirugarren adinekoen beharren presentzia, eta, aldiz, erdibideko adina dugunok ahaztuak garela. Hala ere, beharrezkoak gara, beste aroak bezala. Oreka, zentzua, ardura eta sena islatzeko ohorea dagokio gure belaunaldiari. Bizitzako zubi bat eraikitzen dihardugu, gazteen ezegonkortasuna edo aldakortasunaren etapa eta zahartzaroaren beharren fasearen artean.
Guk ere krisiak bizi ditugun arren, jasan behar ditugun aldaketa fisiko eta psikologikoak gaindituz, ezinbesteko zubia osatzen dugu. Guztiagatik, eskerrik asko belaunaldi honi, gizarteari eskaintzen dionaz!