Izan ere, Hezkuntza publikoan lan-baldintzak hobetu! lelopean, sindikatuek greba-ziklora deitu gaituzte, besteak beste, irakasleok, urtarrila eta maiatza bitartean.
Greba eskubidea da. Tresna da aldarrikapenak bistaratzeko eta lan-baldintzak hobetzeko. Nire ikuspuntutik, ez litzateke baliatu behar, ordea, Zerbitzu Publikoetan kaosa eragiteko. Ez dut bat egiten gure ikasleen eta haien familien eguneroko errutina hankaz gora jartzeko dinamika horrekin; ezta, bide batez, irakasleok, bai ala bai, greba egin dezagun lanlekuetan presioa ezartzearekin ere. Klaseak jasotzea eta lan egitea ere eskubideak dira.
Ia hogeita hamar urte egin dut lan hezkuntza publikoan. Bizkaian hasi, Araban jarraitu, eta orain, Gipuzkoan, nire herrian, dihardut. Urtez urte, hezkuntza publikoa hobetuz joan da. Dena den, beti egongo da zer hobetu: ongizate emozionalaren figura sortzea, ikasle etorri berrientzako hizkuntza-errefortzu programa indartzea…
Hezkuntza publikoa indartu egin behar dugu, eta balioan jarri. Greba-zikloak hori du jomugan ala beste helburu bat dauka?