Ikasleek gero eta ohitura handiagoa hartu dute liburutegietara joateko, eta han prestatzeko proba horiek. Herri askotan, udalek ikasteko gelak atondu dituzte, bai udal liburutegietan, bai beste eraikin batzuetan, gehienbat azterketa-garaietan; ordutegia moldatu dute, aste bukaeran ere eta ordu gehiagoan ikasteko. Arrasaten, azaroaren 4tik aurrera, Kulturateko udal liburutegian aretoa zabalduko da egunero, astelehenik igandera. EAJ Oñatik aurrekontuetarako proposamenetan jaso du, azken lau urteetan, azterketetan ikasteko gunea bermatzeko diru-lerroa.
Lehenengo urteetan, Bilduren erantzuna "ez dugu ikusten" izan zen. Hurrengo urteetan, berriz, udal gobernuak erantzun du ikasgune hori Sancti Spiritus unibertsitatean kokatu nahi duela; leku egokia hori ere. Hala ere, gaur egun, ez dago ikasteko gelarik inon; ez leku batean, ez bestean. Hala, udal liburutegian ikasteko ohitura daukaten ikasleei gaur egun ez zaie Oñatin inolako aukerarik eskaintzen azterketa-garairako. EAJk proposamena mahai gainean aspaldi jarri zuen. 2025. urtean gauzatuko ahal da!