Oñatiko Udalean abenduaren 14ko osoko bilkuran aurkeztuko da 2024ko aurrekontu-proiektua; ondoren, irizpena adieraziko dute udalbatzako bi alderdi politikoek. EAJko udal taldeak zortzi emendakin aurkeztu zituen azaroaren 28ko Ogasun batzordean, Udal Gobernuaren aurrekontu-proiektua hobetzeko.
Besteak beste, proposatu du Herribusaren hirugarren linea ezartzea –Oñati-Elorregi-Oñati–; 100.000 euroko aurrekontua aurreikusi du, Jasangarritasunerako inbertsioak diru-lerrotik finantzatuta –150.000 euro–. EAJko zinegotzion iritzi apalean, hirugarren lineak, PESAk ematen duen zerbitzuaren osagarri, Elorregirako konexioak –hiriburuekin, bereziki– era erosoagoan eta osoagoan ahalbideratuko ditu. Izan ere, lotura horiek arazo bihurtu dira garraio publikoa erabili ohi dugun oñatiarrontzat. Elorregirako auzoen komunikazioa ere nabarmen hobetuko du.
Udal Gobernuak ez du onartu emendakina: ez du egoki ikusi Oñatiko Udalaren aurrekontuen baitan egitea.