Egia esan, ez nuen bitan pentsatu, oso ideia erakargarria iruditu zitzaidan.
Hasteko, gaur egun modan dagoen pintxo-poteoaren gaia aztertu nahi dut. Azkenaldian entzundakoaz jabetu nahian, eguenetan Arrasatetik pasatzeko ohitura hartu dut. Ikaragarria iruditzen zait bertan sortzen den giroa.
Beste herrietan ere, entzun dudanez, harrera oso ona izan du. "Eguen sozial" hauek mesede asko egiten diote azken urte hauetan horren triste dagoen gure gizarteari.
Krisi hitza eta honi lotuta datozen konnotazio negatibo guztiak errege diren garai hauetan, horrelako ekimen batek herria eta bertako herritarrak suspertzeko balio izan du. Onurak aipatzen hasiz gero, ez nuke lekurik izango; beraz, laburra izaten saiatuko naiz: lagunartean elkartzeko aukera paregabea da, lan astea motzagoa egiten da, tabernariek irabaziak lortzen dituzte…
Oñatin orain dela gutxira arte geneukan kale-giroa pixkanaka galtzen hasita dagoela sumatzen hasia naiz. Horren adibide da eguen askotan oñatiar askorekin Arrasaten topo egin dudala.
Beraz, artikulutxo hau bukatzeko bota gura dudan galdera oso garbia eta zuzena da: pintxo-poteoak Debagoieneko beste herrietan izan duen arrakasta ikusita, haiek bai, baina, eta guk zergatik ez?