Partidako lehen minutuan oreka handikoak izan dira. Partidako lehen tarte horretan, Aloña Mendi taldekoak, hamaikakoan aldaketa asko zituzten arren, oso sendo eta erasokor agertu dira zelaian. Lehen zatiko 35. minutuan Aloñakoak goian presionatu dute baloiaren irteera, eta Hondarribia taldekoen akatsa eragin dute. Yulen Zelaiak lapurtu die baloia atzelariei, eta oñatiarren lehen gola eskuratu du. Lehen zatia amaitzear zegoela, kontraeraso azkarra josi dute Aloñakoek, eta Yulen Zelaiak ederki erdiratutako baloia Gari Galdosek errematatu du sareetara. Abantaila ederra Aloñakoek eskuratutakoa.
Bigarren zatian, hondarribitarrek lerroak aurreratu dituzte golen bat eskuratzeko, baina Unai Garairen mutilak sendo aritu dira atzealdean. Horrez gain, kontraeraso azkar batzuetan hirugarren gola lortzeko aukerak sortu dituzte. Hala ere, partidako 73. minutuan erasoaren eskuinaldetik jositako eraso batean, Plazak bere taldekideak bidalitako baloia ederki aprobetxatu du, eta aldeak murriztu dituzte. Hori gutxi ez, eta, hurrengo jokaldian, Aloñakoak jokalari bat gutxiagorekin geratu dira, epaileak Manex Guridi egotzi baitu bigarren txartela atera ostean. Partida amaitzeko geratzen ziren 25 minutuak tentsio handikoak izan dira, garaipena arriskuan ikusten baitzen. Hala ere, oñatiarrak sendo egon dira atzealdean, eta markagailuan zeukaten abantailari eutsi diote.
Partidaren amaieran poza zen nagusi jokalari eta zaleen artean, hiru puntu garrantzitsu horiek Oñatin geratu baitira. Ea datorren larunbatean, Orion, puntuak pilatzeari segida ematen dioten txantxikuarrak.
Asteburuan futbol taldeek izan dituzten emaitzen taula: