Partida hasi aurretik pasa den astean zendu zen Beasain KE-ko lankide izan zen Rafa Jarit Covosen izenean minutu bateko isilunea gorde da. G.B.
Aloñakoek, lehen ordu erdian, denboraldi honetan Azkoagainen egin duten jokorik onena erakutsi dute: zelai erdian sendo, aurkariei aurrea hartuz, intentsitate handia... Lehen zatiko 21. minutuan, Aloñakoen aldeko falta batean, Markel Guridik egindako jaurtiketa bikainari erantzun ona eman dio Imaz atezainak. Hurrengo jokaldian, oñatiarren beste eraso batean, Markel Guridik baloia erdiratu du, atezainak ez du baloia ondo aldendu, eta Gari Galdosi eroso-eroso geratu zaio, buruz, partidako lehen gola eskuratzeko. Hortik aurrera, beasaindarrek lerroak aurreratu dituzte, eta gure taldea atzean sartu dute. Berdinketa lortzeko aukeraren bat ere sortu dute.
Bigarren zatiko lehen ordu laurdena oreka handiko partida izan da. Beasain taldekoek ez dute erakutsi pentsa zitekeen presioa eta nagusitasuna, baina Aloñakoek ere, ez ziren erraz gailentzen erasoko jokaldietan. Hala ere, partidako 67. minutuan, arrisku handirik ez zuela ematen zuen jokaldi batean, baloia iritsi zaio Sanchezi eta honek buruz baloia ukitu eta Josu Mediavila atezaina iritsi ez zitekeen lekuan kokatu du,eta baloiak sareetan amaitu du. Berdinketaren ostean, Unai Garai entrenatzaileak hainbat aldaketa egin ditu taldea "freskatzeko" eta hortik aurrera gorritxoak nagusi izan dira zelaian. Minutu horietan hainbat arrisku aukera sortu dituzte Aloñakoek, baina ez dute asmatu Imazen atearen aurrean, eta partida amaierara iritsi da, inor gustura utzi ez duen berdinketarekin.
Unai Garairen mutilek lehen garaipena lortzeko beste meritu egin dituzte, baina, zoritxarrez, ez da iritsi.