Lehen zatian oreka izan da nagusi zelaian, baina azpeitiarrak izan dira markagailuan aurrera hartzeko zorte izan dutenak. Izan ere, arrisku handirik ez zekarren jokaldi batean, baloiak Manex Olalderengan jo du, eta Julen Navarroren atean sartu da. Aloñakoek bi aukera garbi izan dituzte Gorka Alberdiren atearen aurrean, baina aurrelarien erremateak gora joan dira.
Bigarren zatiaren lehen minutuan oñatiarrek berdinketaren gola eskuratzeko aukera garbi-garbia izan dute, baina jokaldi horretan ere ez dute asmatu. Ondorengo minutuetan azpeitiarrek partida erabakitzeko aukera izan dute, baina ez dute asmatu Navarroren atearen aurrean. Hala ere, 56. minutuan, kontraeraso azkar batean, Ibon Odriozolak azpeitiarren bigarren gola lortu du, eta Aloñakoak jota utzi ditu. Hortik aurrera Unai Garairen jokalariak nahi eta ezin aritu dira zelaian. Partidaren hondarrean Oier Aldekoak sartutako golak berdinketaren itxaropena piztu du Azkoagainen, baina, zoritxarrez, bigarren gol hori ez da iritsi.
Bigarren porrota Aloñakoek jaso dutena, eta, sailkapenaren buruan jarraitzen duten arren, atzetik datozenekiko aldea txikitu egin da. Ea datorren astean Lazkaon garaipenen bidera itzultzeko gai diren Unai Garairen mutilak.
