Aspaldi ikusi ez den partidarik zoroena

Mondraren aurka jokatu zuen atzo, egubakoitza, talde gorenak eta aspaldi ikusi ez den partidarik zoroena izan zen Azkoagainen. Lehen zatian 7 gol ikusi genituen; bigarren zatia, lasaiagoa izan zen. Partida irabazita, hiru puntu bikain Aloñakoentzat.

Aspaldi ikusi ez den partidarik zoroena izan zen atzo Azkoagainen. Izan ere, lehen zatian 7 gol ikusi genituen derbi honetan. Lehen bi golak, partidako lehen hamar minutuetan sartutakoak, berdin-berdinak izan ziren. Josu Mediavillak atetik atera zuen baloia luze, Joseba Larreak buruz ukitu du atzerantz, eta Gexan Anduagak, lehen golean, eta Julen Zelaiak, bigarrenean, atzelariei aurrea hartu zieten, eta jaurtiketa gurutzatu bidez, Laskurainen atea zulatu zuten. Ordu laurdena bete aurretik, epaileak area ertzean falta adierazi du Aloñakoen alde, eta, Jokin Madinak, jaurtiketa indartsu baten bidez, 3 eta 0koa eskuratu zuen. Bost minutu beranduago Gexan Anduagak 4 eta 0koa sartu zuen.

Bazirudien partida erabakita zegoela, baina 12 minutuetan Mondra taldeko Andoni Etxeberriak sartutako bi golen ondorioz, urduritasuna nagusitu zen Aloñako jokalari eta zaletuen artean. Partida erabat okertuko zen oñatiarren intereserako partidako 43. minutuan epaileak adierazi duen Mondraren aldeko penaltia Arrasateko jokalariak gauzatu izan balu, baina Josu Mediavillak asmatu zuen eta baloia urrundu zuen. Hurrengo jokaldian, 4 eta 3koa izan zitekeen hori, Joseba Larreak 5 eta 2koa bihurtu zuen. Izan ere, ezkerraldetik egindako erdiraketa buruz bikain errematatu zuen eta Aloñakoen bosgarren gola lortu zuen. 

Bigarren zatia, lasaiagoa izan zen. Mondra taldekoak gol festa jarraitzeko asmotan zelairatu ziren, baina Aloñako atzelariek ongi eutsi zieten arrasatearren erasoei. Hori gutxi ez, eta 66. minutuan, kontraeraso azkar batean, Julen Zelaiak aurrea hartu zien Mondrako atzelariei eta Laskurain gainditu zuen jaurtiketa gurutzatu baten bidez 6 eta 3koa lortzeko. Handik gutxira Mondrakoen hirugarrena iritsi bazen ere, partida erabakita zegoen. Partidaren hondarrean Aloñako Gexan Anduagak eta Oier Guerreirok sartutako golek azken emaitza biribildu zuten. 

Hasieran esan bezala, partida zoroa Azkoagainen ikusi genuena, eta 3 puntu bikain Aloñakoentzat, sailkapenean Mondrari aurrea hartu, eta 14. postura igotzeko aukera ematen diotenak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak