Partidu lehiatua eta gogorra Azkoagainen ikusi genuena. Lehen zatiko lehen ordu erdian Aloñakoak nagusi izan ziren zelaian, eta bizpahiru gol aukera izan zituzten. Aipagarriena 11. minutuan Julen Zelaiak izandako aukera aparta, Sudupe atezainak eder eutsi zuena. Behin ordu erdia igarota, jokoa orekatu da. 28. minutuan Anaita taldeko Pastranik ere gol aukera ederra izan zuen, baina bere errematea Josuren eskuetara iritsi zen. Azkenik, 40. minutuan Iñigo Guridik ere errematea ederra egin zuen, eta oraingoan ere Sudupe atezaina bikain aritu zen.
Bigarren zatian azkoitiarrek nagusitasuna hartu zuten, baina aukera garbirik sortu gabe. Hala ere, aukerarik onenetakoa 35. minutuan Iñigo Guridik izan zuen. Bere jaurtiketa sareetara zihoala Sudupek eskua sartu zuen eta baloia desbideratu zuen. Partida berdinketarekin amaituko zela ematen zuenean, 87. minutuan azkoitiarrek gola eskuratu zuten. Jokaldi nahasi batean, Josu Mediavilla atezaina lurrera bota zuen, eta une horretan aurrelariak errematea egin zuen, eta baloiak sareetan amaitu zuen. Golaren ostean, oñatiarrek aurrera egin zuten, baina kontraeraso batean azkoitiarren bigarren gola iritsi zen.
Talde bakoitzaren lana ikusita berdinketa emaitza legezkoa izango bazen ere, porrot mingarria jaso dute Aloñakoek.