Partida hasi aurretik Rafael Altzelairen izenean minutu bateko isilunea egin da. Rafael 70. hamarkadan zuzendaritza batzordeko kide izan zen, eta garai hartan diruzain lanak bete zituen.
Partidako lehen zatian jokoa nahiko orekatua izan da, eta zelai erdiko jokoa izan da nagusi. Hala ere, aukera garbi samar urriak oñatiarrek izan dituzte. Lehen zati hori amaitzear zegoela, 41. minutuan, Auritz Larreak atezaina aurreratuta ikusi du, eta 35 metrotik egindako jaurtiketa loratu baten bidez, Arrese gainditu du, eta 1 eta 0-koa eskuratu du. Gol bikaina!!!! Emaitza horrekin amaitu da lehen zatia.
Bigarren zatiko lehen tartean Aloñakoak izan dira nagusi, eta 50. minutuan Kevin Martinek egindako jaurtiketa/erremate batek langa jo du. Handik gutxira elgoibartarrek aukera ona izan dute berdinketa lortzeko, baina Jon Irazabal atezainak geldiketa bikain batekin aukera hori eragotzi du. Bigarren zatiko 63. minutuan Irazabalek beste geldiketa eder bat egin du berdinketa ekiditeko. Elgoibartarren minuturik onenak izan dira. Partidako 80. minutuan elgoibartarrek kontraeraso azkarra gauzatu dute, eta Unaik, hurbiletik egindako jaurtiketa baten bidez, berdinketa lortu du.
Partida emaitza horrekin bukatu behar zela zirudienean, eta, egia esan, emaitza justua izango litzateke, 89. minutuan, erasoko jokaldi eder bat josi dute Aloñakoek. Unai Gilek, Gaizkari utzitako baloi eder bati jaurtiketa bikaina eginez, amaiera bikaina eman dio erdilari oñatiarrak, eta garaipenaren gola lortu du.