Preso guztien birgizarteratze prozesuak onez landuko ditugula entzun dugu, emakume, adingabe eta eriek arreta berezia izango dutela, erdi-askatasuneko erregimena bultzatuko dela, gizartean bizikidetzaren etika sustatuko dugula, pobrezia eta bazterketa egoerak saihestuko ditugula, eta biktima guztiei arreta eta erreparazio zabala ematen saiatuko garela.
Gai honetan asko dago adosteko eta egiteko, badakit, denok dakigu, baina, gutxienez, leiho berri bat ireki zaio giza duintasunari. Ez da erronka makala! Nola gozatu askoren eta askotariko zauriak eta sufrimenduak? Nola baretu amorruak eta mendeku goseak? Nola egin lekua damua eta barkamenari?...