Maite dugu askatasun politiko eta erlijiosoa, askatasun ekonomiko eta soziala, erabakitzeko eta adierazteko askatasuna… Eta gai hauetan lorpenak handiak izan badira ere, oraindik badago zer landua.
Askatasun betearen bilaketak, ordea, beste modu bateko galderak ere sortzen dizkigu. Adibidez: zer askatasun bizi dut? Libre al naiz ni neu izateko? Libre al naiz gizarteak eta ingurukoek txalotzen ez dituzten aukerak egiteko? Libre neure buruarekiko? Libre doakotasunerako? Libre al naiz egiazko maitasuna bizitzeko?...
Kanpotik ezarritako kateek, noski, baina batez ere barruan sortzen zaizkigun korapiloek, asko mugatzen digute, nire ustez, askatasunaren bizipena. Askatasunzale finak bagara, txoriaren hegoak desio baditugu, asmatu beharko genuke orduan korapilo horiei hari-muturra aurkitzen eta irtenbide askatzailea eskaintzen!