Mundua berotuta izerditan daukagu, gure bizimodua dela eta!
Arazoaz jabetuta, alderdi politiko guztiek idatzia dute ingurumen-programa bat, eta batez ere hauteskunde garaian, asmo oneko helburuak plazaratzen dituzte. Hitz eta ametsetatik, emaitzetara bidea egitea izango da kontua! Goi-mailako politika eta teknologiak beharko ditugu horretarako, eta baita ere, nire ustez, gizaki berritua, kontsumismoaren atzaparretatik askatuta pozik bizitzen asmatuko duena.
Sare ekonomiko-sozialak, merkatu zoroaren esanetara, mugagabe hazteko planak ditu, eta aitortu behar da, ingurumenarekiko kezka oraingoz ez dela azaltzen lehentasunen zerrendan. Bistan da ez dela konponbide errazik, baina etorkizuneko belaunaldien ogia jokoan da eta mundu zuzenago baten aldeko proiektua ate-joka dugu... Entzun al duzu zure etxean aldaba-hotsa?