Munduaren sorreraz hitz egin digu. Izadiaren eta izaki bizidunen eboluzioaz jakin dugu. Teknologia eta medikuntzak izugarrizko aurrerakada izan dute. Historia, antropologia, psikologia, ekonomia eta beste hainbat arlotan aplikatu ditu bere teoriak, eta emaitzak lortu ere bai. Miresten dut izan duen garapena, baina gehiegizkoa iruditzen zait errealitate osoa zientziaren neurrietara tolestatzea; errealitatea, zientziaren mugetan bukatuko balitz bezala.
Zer daki zientziak maitasunaz? Eta bizitzaren zentzuaz? Zer esan diezaieke gerra sufritzen ari diren siriarrei? Nola egiaztatu pertsona orok duen duintasuna? Zer daki ama baten bihotzaz? Eta artelan baten edertasunaz?... Zenbait arlotan, zientziaren erantzunak motzak eta hotzak gertatzen zaizkigu; ezer gutxi esaten digute.
Zientziaz gain, filosofia eta espiritualitatearen bidetik, errealitatearen aurpegi osoagoa ikustera heldu da gizakia mendeetan zehar. Gaur, alderdi hauek gurean ez dira oso ezagunak eta, nire ustez, ez diegu zor zaien arreta eskaintzen.
Beharbada, umetan jasotako irudiarekin jarraitzen dugu oraindik ere edo telebistaz behin ikusi genuenarekin… Pena da, aberastasun asko galtzen baitugu.