Opor usaina

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Guridi 2014ko uzt. 16a, 00:00

Egun hauetan nabari zaigu jada, oporrak hurbil ditugula; ilusioz gabiltza, hurrengo egunetarako planak ahotan hartuta.

Laster ordutegi, ohitura eta betebeharren zama ganbaran utziko dugu eta atsedenaren izenean hainbat ekintza egingo ditugu.

Batek esan zidan izugarrizko joan-etorriak egingo dituela bizikletaz eta korrika. Beste batek, berriz, ohean presa gabe geratuko dela, gorputzak nahikoa duela esan arte. Liburuak eskuetan izateko irrikaz dagoena ere ezagutzen dut. Baita seme-alaba eta senarrarekin harreman sakona eta lasaia bilatuko duena ere. Hondartza, jaiak, kontzertuak, isilgune eta isiluneak, kultura ezberdineko herri eta pertsonekiko hartu-emanak… Bakoitzak jakingo du, zerk laguntzen dion egiazko atsedena hartzen.

Urrutira begiratu gabe, opor garaia tristuraz hartuko duenik ere bada. Urte osoan zehar langabezian egotea tokatu zaio, eta orain ez dauka ilusiorik egun hauetarako. Esperantza bakarra, besteok kanpoan garen bitartean lanerako aukera izatea du. Hauxe izango litzateke berarentzat atseden hartzeko modua.

Oporretara goaz, denok ez bada ere. 

Han edo hemen, eguzkiak edo itzalak leundu eta goza ditzatela, bada, mutur luzeak, begi-zuloak, bihotz gogortuak eta harreman nekatuak. 

Ondo izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak