Payola terminoak musika industrian ezaguna den praktika bati egiten dio erreferentzia: diruaren truke irrati-kateei, DJei edo bestelako eragileei abestiak etengabe programatzea; ohikoa, baina, aldi berean, isilpekoa den jarduna. Kantuaren letrak gaur egungo testuingurua deskribatzen du: ospea edozein modutan lortzeko joera, bideek duten garrantzi eskasa, rock-and-rollaren ahultzea eta etekinak lehenesten dituen sistema baten presentzia, besteak beste. Irrati ezagun baten zerrenda berrikusi dut, eta haren eskaintza entzun ondoren, zalantzak sortu zaizkit. Musika estilo antzekoak, letra leunak eta gai polemikorik gabekoak etengabe errepikatzen dira. Kanpoko musikaren presentzia ere nabaria da, eta larritu egiten nau honek, gehigarri bezala izan behar direlako guretzat, ez gure oinarria.
Doinu gogorragoak edo letra zorrotzagoak ez dira ageri. Zergatia bakoitzak balora dezala. Amaitzeko, garaipen txiki bat: Payola-ren egilea lehen postuan ageri da zerrendan; gaitz erdi.