Maitasun-gorroto harremana daukat gai horrekin; izan ere, eredu den norbaiten isla izan behar garela sinestarazi digute noizbait. Perfekzionismoa eta kontsumismoa oinarri hartuta, gezurrez josita dauden bizitzak dira horiek, alegia. Badira urte batzuk irakaskuntzaren munduan murgilduta nabilela, eta esperientzia laburra bada ere, termometro aparta da ogibide hau. Txikiak dira gure gizarte zein etorkizunaren isla garbia, eta asko ikasten den arren, arduratu ere egiten naiz.
Baina nola lotu hau idoloekin? Hurbildu zaitez ikastetxe bateko jolastokira, edo jarri belarria kalean haurrak inguruan dabiltzanean. Erabiltzen duten hiztegia, jolasak, dantzak edo orrazkerak oso arrotzak zaizkit, eta dagoeneko gure edozein herritako haurrek Madril, Bartzelona, Alacant edo Sevillakoen antzeko gauzak egiten dituztela ikusten dut. Gure esentzia galtzen ari gara, gure nortasuna. Mugi gaitezen, berandu baino lehen! Bi Bala taldeak zioen bezala: Zein inportanteak diren dauzkazuen idoloak; mukizu, analfabeto, multimillonarioak…