Denbora faltagatik, akaso? Egin beharraren tentsioa? Prokastinazioa? Egia esan, ez dakit. Baliteke milaka eginbeharren artean burua beste nonbait galdu izana. Hartu dut paper zuria eta, beste behin, ideiarik gabe. Hainbatetan ikusi izan dut neure burua egoera honetan; ideia, inspirazio edo sormenik gabe. Eta, askotan, neure burua ere kastigatu izan dut, ene izateari sorkuntza maila altuago bat exijituaz. Buruhauste handia izan da hau, sarri, niretzat. Sorkuntza prozesu oro beste estrategia batzuekin landu beharko nukeela pentsatu izan dut edota lan egiteko modua aldatu eta zaindu. Eta autoexijentzia horrek kontrako efektua eragin du, sormen gaitasuna blokeatu. Orduan, inspirazioa bakarrik dator edo nonbait aurkitu beharra dago? Blokeatuta jarraitzen dut. Lana ondo egin beharraren presioak larregi itsutu al nau? Eta ohartu gabe garrantzitsua zena alde batera utzi?
Lau haizeetara eskaera bat zuri, irakurle. Mesedez, sormen krisi honi aurre egiteko gaitasun, baliabide edo modurik baduzu, konta egidazu. Eskertuko nuke.