Abiadura bizian bizi garela eta bidean bizitako hainbat istorio lausotuta gogorarazten ditugula. Gogotsu bizi nahi izan eta dena egin nahi izatearen egarriagatik, akaso? Gure izatea ahalik eta elikatuen mantentzeko? Ausartuko nintzateke esaten izate aseezinak garela. Etengabeko gosete batek jaten gaituela. Baina badakigu nortzuk garen? Zer ikasi dugun bidean? Oroitzen gara?
Azken bolada honetan galdera hauei erantzun bat topatzen saiatu izan naiz. Ene izatetik, bidean emandako pausoetatik. Izan ere, bidean garatu dugu gure nortasuna, gure izaera. Bideak egin gaitu, bidaiak eratu gaitu. Eroriz eta jaikiz. Ahantziz, erratuz. Etengabe bidaia bera errepikatuz. Eta hala beharko luke, nahiz eta bidezidorretan galduko garen tentazioa izan.
Izan ginenaren eta izango garenaren arteko disonantzia bada bidea, jan dezagun lasai eta eman ditzagun pausoak tinko eta fermuki.