Orain dela ez asko lagun batek webgune baten berri eman zidan; horren modan dagoen ditxosozko adimen artifizial horietako batena zen. Egia esan, interesa piztu zidan eman zizkidan azalpen guztiekin, eta kuxkuxeatzera animatu ninduen, modu nahiko ezkorrean, baina helburua abestiak sortzea duelako webgune madarikatu honek.
Funtzionamendu oso sinplea dauka; bi datu besterik ez diozu eman behar: zein musika estilo nahi duzun eta hitzen nondik norakoak azaldu labur-labur. Probatu nuen, bai… Folk estiloan itsasoaren inguruko kanta bat, laguntasuna ardatz duen abesti bluesero bat, etsipenaren inguruko abesti punkrockero bat… Harritu egin ninduen jasotako emaitzak, ez zituelako batere abesti txarrak egin musikalki; nahiko entzungarriak ziren. Nahiago dut letren inguruan ezer ez esan, baina goazen azpiak ukitzen dizkidan horretara: zer lortu nahi dute aplikazio hauek? Nahiko leloak ez baginen, orain sormena bera ere ordezkatu nahi digute. Bide onetik goaz, bai...